Barroko Aire 2010
Una inicativa dentro del programa "Se pueden hacer las cosas bien con poco dinero y muchas ganas".

Barroko Aire. Musika Barrokoaren Egunak izeneko musikaldiak hogeita bost urte betetzen ditu. Beste behin ere, azaroan, Ordiziak eta Goierrik berriro gozatuko dute berebiziko lau gaualdi musikalez, eta gure herria egun horietan musika barrokoaren eta, berezko hedaduraz, musika klasikoaren erreferentzia gune bihurtuko da.
Orduan Bach Musikaldia [1] deitzen zenaren lehen edizioa 1986an abiatu zen Ordizian, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren ekimenari esker. Ilusioz betetako hasiera izan zen hura, apustu handi bat egiten zuena musika klasikoko egitarau interesgarri bat eskaintzearren halako egitarauetara ohituta ez zegoen entzuleria bati, musika barrokoa ardatz hartuta.
Barroko Airek berarekin dakar udazkenero itzal handiko interprete eta taldeen topaketa bat. Alde horretatik, pribilegio bat da Ordiziako herriarentzat Jaialdiaren egoitza izatea. Gogora dezagun bertatik igaro direla kategoria handiko taldeak eta bakarlariak, hala nola, Fabio Biondi eta Europa Galante, Marta Almajano, Oxfordeko New College abesbatza, Schollars taldea, Sigiswald Kuijken, Leipzigeko I Solisti Instrumentali, Ricercar Consort, Purcell Quartet, The Rilkeensemble Gunnar Erikssonekin, Jordi Savall, Lluis Claret… eta ahaztu gabe hurbilagoko abestaldeak, hala nola, Donostiako Orfeoia, Jaialdiaren edizio askotan egon dena, Peñaflorida Kapera, José Manuel Azkue organo jotzailea, ...
Azken urte hauetan, Musikaldiak, gainera, bere egitarauaren barruan, euskal musikari gazteak sartzen ditu, arlo horrek izan dituen bilakaeraren eta aurrerapenaren adierazgarri. Hondore Abesbatza, Carlos Mena, Le Badinage, Conductus Ensemble, Asier Polo, Andoni Mercero eta beste euskal talde eta bakarlari batzuk bertan egon izana horren erakusgarri ederra da.
Jaialdiaren hasieran pentsaezina zena, alde batera utzirik haien kalitatea, gaur egun errealitate interesgarri bat da. Dudarik gabe, Barroko Aire bezalako musikaldiei esker, neurri batean, euskal interpreteen lanak kalitatez dagokion oihartzuna izateko aukera dauka.
Hori dena, inguru eder batean: Ordiziako Igokunde Andre Mariaren Eliza, akustika bikainekoa, harribitxi txiki bat, askok begiratu arren oraindik aurkitu ez dutena. Barroko Airek ez gaitu gonbidatzen soilik entzutera, baizik eta aditzera, gure sentiberatasuna jokoan jartzera, musikak hunkitu eta harrapa gaitzan uztera, “gure pasioei eragitera” iragan mendeetako musikariek zioten bezala. Eraman gaitzan uztea eta gozatzea. Hala bedi.
Jose Miguel Santamaría Ezeiza.
Alkatea
[1] 2001ean desagertu zen Donostiatik Bach Musikaldia, eta Ordizian jarraitu zuen bakarkako bere ibilbidea, izena aldatuta eta Barroko Aire. Musika Barrokoaren Egunak izen berria hartuta.


