
Barroko Aire. Musika Barrokoaren Egunak musikaldiaren XXIII. edizio honetan, Andres Urdaneta Ordiziako itsasgizon ospetsua jaio zeneko V. mendeurrena egokitu zaigu. Aurreko urteko abenduan hasi ginen Ordizian gertaera hori ospatzen, eta itsasgizon, astronomo eta humanista haren bizitza eta obra ezagutzera ematea da gure helburua. Jakin behar dugu, izan ere, aurkikuntza zientifiko eta tekniko handi baten protagonista izan zela Andres Urdaneta: berak aurkitu zuen Itzulerako bidea deitzen dena, hau da, Filipinetatik Amerikara itzultzeko ibilbide zaila.
Urdanetak 1565ean irekitzen hasitako ibilbide hori garrantzitsuenetako bat bilakatu zen mundu merkataritzan (antzeko oihartzuna izan zuten Marko Polok zetaren bila eta portugaldarrek irekitakoek), Asia eta Amerika elkarrekin lotzean ateak ireki baitzizkion lehen globalizazioari. Izan ere, adituek diotenaren arabera, gaurko egungo iraultza ekonomikoaren aitzindarietako bat da Urdaneta.
Hala, Asiako eta Amerikako kontinenteak lotu zituen zubia izan zen Itzulerako bidea. Horri esker, beren garapen oinarriak finkatu zituzten inguruko herrialdeek, Asiaren, Amerikaren eta Europaren arteko lotura ibilbide horren garrantzi ekonomiko handia izan baitzuen 250 urteko aldi luze batean, Manilako galeoiei esker.
Urdaneta 1526an iritsi zen lehen aldiz Moluka irletara (Espezien irlak), 17 urterekin itsasoratu eta Loaysa kapitainaren agindupean bidaia gorabeheratsua egin ondoren. Loaysa bera, Juan Sebastian Elcano, itsasgizon gehienak eta buru gehienak hil egin ziren portura iritsi aurretik. Urdaneta gaztea, aldiz, bizirik atera zen eta ez zuen Europarako bidea hartu hamar urte iragan arte. Itzuleran berarekin ekarri zituen Gracia alaba eta jakintza ugari, bertako hizkuntza batzuk tartean.
1553an, 45 urte zituela, Mexikoko San Agustin komentura joan zen nobizio, eta 1564an, prestaketetan hainbat urte egin ondoren, Legazpiren Filipinetako irletaranzko espedizioan abiatu zen, espedizioaren gidari eta bultzatzaile. Filipinetan sustraitzea zen 2 Legazpiren eta harekin zoazenen agustindar fraideen eginkizuna. Itzulerako bidea aurkitzea, berriz, Urdanetarena. Nahiz eta aurreko espedizioek porrot egin zuten, ziur zegoen berak lor zezakeela erronka hori, ondo baitzekien haize alisioak nola saihestu (haize horiengatik egin zuten porrot aurreko espedizioek) eta Kuro-Shivo edo Japoniako korronteez nola baliatu.
Bidaia prestatu eta egin zuen, eta baita lau hilabete geroago arazorik gabe itzuli eta porturatu ere, Acapulcon. Uste dugu Andres Urdanetaren jaiotzaren urteurrena parada ezin hobea dela hainbat jardueren bidez itsasgizon haren irudia balioesteko eta, azken batean, historia unibertsalak onenen artean zor dion lekua emateko.
Ezin zitekeen beste modu batera izan eta Barroko Aire musikaldiak
bat egin du V. mendeurreneko ospakizunekin. Hala, begikeinu
bat egin nahi izan dio Andres Urdanetari eta Oxfordeko
Capella Portuguesa taldearen kontzertua programatu du, beste
kontzertu batzuen artean. Egokiera ezin hobea dugu Urdanetaren
garaiko musika entzuteko: segur aski, Urdanetak berak
Mexikon entzundakoak dira Oxfordeko talde horrek eskainiko
dizkigun obrak. Obra horiek, hain zuzen ere, Espainia Berriko
Erregeordetzaren hiriburuan interpretatu zituzten 1559an, Karlos
V.aren hileten paradaz.
Beste aldetik, Donostiako Orfeoiak amaiera bikaina emango dio aurtengo programazioari. Izan ere, parte hartuko du Ordizian ospatuko den Andres Urdaneta: gizon garaikidea nazioarteko kongresuaren amaiera ekitaldian. Ziklo horretan ohikoa izaten den ildoa neurri batean alde batera utzita, Orfeoiak eskainiko digun kontzertua herrikoiagoa izango da, baina aldi berean atsegina kontzertura hurbilduko direnentzat.
Jose Miguel Santamaria Ezeiza
Ordiziako alkatea